Kukutzako kideek Kukutza II Gaztetxea izan zen eraikina okupatu dute arratsaldean. 27 lagun Larraskitu kaleko lokal abandonatuan sartu dira 17:00ak aldera Errekaldeko “bizilagunen beharrak beteko dituen lokal bat”premiazkoa dutela aldarrikatzeko.
19:30 aldera Ertzaintza eta Udaltzaingoa gerturatu dira eta zirkulazioa itxi dute Gordoniz kaletik okupatu duten lokalera arteko zatian. Atea behera botatzea ezinezko egin zaienez, horman zulo bat egitea erabaki dute ertzainek eta 20:00ak aldera barruan zeuden lagunak ateratzen hasi dira. Guztiei idarrezko usurpazioa egotzi diete eta inputatu dituzte.
Ateratzen zituzten heinean eraikinaren fatxadaren kontra jarri eta identifikatuegin dituzte. Minutu batzuen burua aske utzi dituzte denak. Bitartean, kanpoaldean Bilbo osotik heldutako dozenaka lagun bildu dira azken okupazio saiakera honetan parte hartutakoei babesa emateko.
Lokalaren barruan izandako lagunetako batek Brankari jakitera eman dionez, “Errekaldeko bizilagunek eraikin publikorik gabe” jarraitzen dute eta, beraz, Udalak “auzoak dituen beharrak asetu gabe jarraitzen du”.
Lokal bat izateko “baldintza eta izapide piloa betetzeko beharra jartzen du Udalak” baina Kukutzako kideek ez dute “hortik pasako”, azaldu dutenez. Aitzitik, “lokal autogestionatu” baten bila jarraituko dutela iragarri dute, “jendea askatasunez bildu daitekeen eta proiektuak modu autogestionatu batean” aurrera eraman daitezkeen lokal baten bila.
Bestalde, Kukutzatik gogor salatu nahi dute Larraskituko eraikinaren egoera txarra.“Lotsagarri da”, esan dutenez, Udalak aspalditik hutsik dagoen lokal bat horren hondatuta izatea ahalbidetzea. “Dena erreta eta ustelduta” dago barrutik eta oraindik substantzia toxikoak eta kutsagarriak daude barruan, asanbladako kideek jakinarazi dutenez. “Ezin da onartu Udalak Errekaldek dituen beharrizanak betetzeari uko egitea eta, era berean, mota horretako lokal bat horren abandonatua izatea baimentzea”, salatu dute. Zentzu horretan, Poliziak kanporatu bitartean lokalean pasatako hiru orduak garbitzen pasa dituztela azpimarratu dute.
Kukutzako lagunek argi utzi nahi izan dute “gizarte erabilpenik gabeko eraikinak, eraikin abandonatuak,
jomuga izaten” jarraituko dutela, berriz ere “lokal publiko, parte hartzailea eta asanblada bidezkoa” izan arte. Hori dela eta, martxan jar ditzaketen egitasmoetan parte hartzeko dei egin diote Bilboko hiritarrei.
bilboko branka